Eskola Agenda 21 programa ikastetxearen kalitaterako eta iraunkortasunerako hezkuntza-programa bat da.

     Hezkuntza-komunitatearen partaidetzan dago oinarrituta, ikasleriari aparteko protagonismoa emanaz eta udalerriaren garapen iraunkorrean lagunduz. Gainera, Eskolako Agenda 21ek proposatzen duen hezkuntza-praktikak ikasleari lagunduko dio, batetik, inguruan dituen ingurumen-arazoak ezagutzen eta horietaz jabetzen, eta, bestetik, modu arduratsuan gizarte justuago eta ekologikoki iraunkorrago baten alde egiten.


 

     ESKOLAKO AGENDA 21EN HISTORIA ETA GARAPENA

     Lurrari buruzko Gailurra egin zenetik (Río de Janeiro-1992), garapen iraunkorra ingurumenaren aldetik lurraren etorkizunaren giltzatzat jotzen da. Heziketa ere funtsezko eragiletzat hartzen da, jendearen jarrera aldarazteko, ingurumenaren arazoei eraginkortasunez heltzeko eta, aldi berean, oraingo eta geroko belaunaldien beharrak egoki asetzeko.

     Gailur horretan sinatu zen agiri nagusienetako bat Agenda 21 da. Horrela deritzo Nazio Batuek garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko gomendatzen duten ekintza-planari. Bada, 1994an, eta Agenda 21 horrek toki-erakundeentzat ezarritako ildoei jarraituz, Aalborgeko gutuna sinatu zen, eta horrela hasi zen Europan kanpaina berezi bat, hain zuzen ere, euren lurraldeen garapen iraunkorraren alde egin nahi duten hiriena.


    

     1998an argitaratutako Ingurumena Babesteari buruzko Lege Orokorra izan zen jasangarritasunaren helburuei erreferentzia zehatza egiten dien EAEko lehen dokumentu ofizialetako bat. Izan ere, zehatz-mehatz honako hau aldarrikatu zuen: «EAEn garapen-eredu jasangarri ezartzeko konpromiso sendoa hartu zuen, hain zuzen ere, gaur egungo beharrak asetzeko gai den garapena eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarriko ez duena».

     Bestalde, EAEko Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategiak, 2002-2020 aldian (2002ko ekaina), garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko beharrezko baldintzatzat jotzen ditu, besteak beste, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa.

     Garapen Iraunkorrari buruzko Munduko Goi Bileran (Johannesburg-2002), 2005-2014 bitarteko urteak heziketako lehentasunezko paper zentrala errealitate lokal eta osoaren transformazio prozesuan onartuz «Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkada» izendatzea onetsi zen.

     Gainera, azpimarratu behar da, 2010. urtean, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadak jardunbide egokitzat hartu zuela «Euskal Autonomia Erkidegoko Eskolako 21 Agenda» programa, iraunkortasuna euskal hezkuntza-sistema formalaren ardatzetako bat izatea lortzeagatik. Aitorpen horrek asko lagundu zion ordura arte egindako bideari, eta egiteko dagoen biderako eragingarria izan zen.

     Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (Rio de Janeiro, 2012), garapen iraunkorrerako hezkuntza sustatzea eta garapen iraunkorra modu aktiboagoan hezkuntzan sartzea ebatzi zen, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadatik harago. Konferentzia horretan, bi eskaera egin zitzaien hezkuntza-instituzioei: batetik, aintzat har zezatela iraunkortasuna kudeatzeko jarduera ona aurrera eraman zitekeela euren ikastetxe eta komunitateetan, betiere, ikasle, irakasle, tokiko kolaboratzaile eta abarren partaidetza aktiboarekin, eta, bestetik, garapen iraunkorrari buruzko hezkuntza eman zezatela, irakasgai gisa.

     Eskolako Agenda 21 programa «Gaur ikasi, etorkizun jasangarria lortzeko» goiburua izan duen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari buruzko Munduko Biltzarrean (Aichi-Nagoya 2014) izan da. Bertan, «Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkada» izenekoaren 25 esperientzia onenetarikoen artean dagoela adierazi da. Hamarkadaren amaierako mugarri gisa egin den biltzarrak berretsi egin du garapen jasangarria gauzatu ahal izateko funtsezko baliabidea dela hezkuntza.

     Gaur egun, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa 2020 izenekoak (2014ko abendua) zehazten ditu ingurumenaren arloko EAEko politika eta jarduera.

     Azaltzen diren erronketako bat da hezkuntza etorkizuneko belaunaldientzako konpromisoa izatea. Hezkuntza honela aurkezten da: «ingurumenerako beharrezkoak diren aldaketa transformazionalak bideratzeko tresna boteretsuenetako bat da; horrela, oraingo belaunaldien konpromiso etikorako oinarriak ezarriko ditugu, etorkizuneko belaunaldientzat. Erronka hori gure gazteak ingurumenaren arloko erabakiak hartzerakoan benetan kontuan hartzean aurrera egitean datza; horri esker, belaunaldien arteko parte-hartze eta erantzun kidetasunaren maila altua ahalbidetzen da».

     Horregatik guztiagatik, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazio eremuan lehentasuneko helburua da eskola-esparruko esku-hartzea bultzatzea, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eta gaikuntza emateko eta, horrela, garapen iraunkorreraino heltzeko beharrezkoa den aldaketa eragiteko balioetan, jarreretan eta jokabideetan.